Nafarroako Gobernuak Nafarroako Toki Administrazioa Berrantolatzeko Foru Legearen proiektua onetsi du, baina NUKFko Batzarrak eginiko eskaera aipagarri batzuk sartu gabe

Nafarroako Gobernuak, gaur goizean egin bilkuran, Nafarroako Toki Administrazioa Berrantolatzeko Foru Legearen proiektua onetsi du, baina bertan sartu gabe Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Batzarrak joan den ekainaren 22an onetsitako aldaketa proposamen guztiak. Batzar hartan, toki entitateek gehiengoz erabaki zuten aurreproiektua ikus-onestea, baina betiere 8 aldaketa egiteko eskatuta. Proposamen hori ekainaren 25ean helarazi zitzaion Gobernuari, Toki Araubideko Foru Batzordean.Orain, Batzarraren aginduari men eginik, Federazioak Nafarroako Parlamentuari eskatuko dio Gobernuak kontuan hartu ez dituen aldaketa horiek egin ditzan arauaren tramitazioan.

Isabel Elizalde kontseilariak azaldu duenez, Gobernuak eskaera horietako lau egin ditu bere; lehenengoa, denbora tarte bat irekitzeko toki entitateek azter dezaten zer eskualde eta azpieskualdetan kokatzen diren; bigarrena, testuak berariaz zehazteko, orain bezala, oraingo Toki Ogasunen Funtsak “Beste laguntza batzuk” epigrafean dituen finantzazio ildoak; hirugarrena, kontribuzioaren gutxieneko tasak poliki-poliki aplikatzeko; eta laugarrena, Toki Araubideko Foru Batzordeko ordezkariak izendatzeko.

Kontseilariaren adierazpenetatik ondorioztatzen denez, proiektuak ez ditu kontuan hartu proposamen batzuk: toki entitateek, eta ez alderdi politikoek, izendatzea eskualdeetako batzarretako ordezkari guztiak; eskumenak eskuordetzearen bidez bereganatzea, ez legearen aginduz, horrela titulartasuna kentzen baitzaie udalei; Toki Ogasunen Funtsa Foru Ogasunen portzentaje baten bidez kalkulatzea, gutxieneko bat bermatuta; eta kontzejuak azkentzeko arrazoia ez izatea behar adinako baliabiderik ez edukitzea, termino juridiko hori ez baita zehatza eta, aldiro, Nafarroako Gobernuaren esku gelditzen baita.