Klimaren eta energiaren aldeko konpromisoen programa aurkeztu die Gobernuak toki entitateei

Nafarroako Gobernuak Klimaren eta energiaren aldeko konpromisoen ekimena aurkeztu zien toki entitateei, asmoa duena entitate horiek neurtzeko moduko planak prestatzea berotegi efektuko isurketak %40 murrizteko 2030erako, klima aldaketaren ondorioak apaldu eta horretara egokitzeko neurriak hartzea eta txirotasun energetikoaren kontra borrokatzea. Proiektuak Alkateen Hitzarmenaren izena du Europar Batasunean, zeinak lidergoa baitu estrategia horretan mundu osoan, eta udal mailakoa da funtsean.

 

Honako hauek parte hartu zuten aurkezpenaren jardunaldian: EBko Klimaren eta energiaren aldeko Alkateen Hitzarmeneko bulegoko kidea den Miguel Morcillo, zeinak programaren xehetasunak azaldu baitzituen; Josep Riera, Melianako alkatea (Valentzia), zeinak bere udalerrian izandako esperientzia azaldu baitzuen, alor horretan eginiko zenbait lanekin; eta Iruñeko zinegotzia den Joxe Abaurrea, zeinak udal horretako ekimen batzuen berri eman baitzuen. Adierazi behar da Nafarroan Iruñeak baino ez duela sinatu Alkateen Hitzarmena.

 

Programaren arrakastaren agerbide,  ia 8.000 dira hari atxiki zaizkion udalerriak 53 herrialdetan, Europar Batasunetik mundu osora zabaldu baita, eta 6.000 dira horietan onetsi diren ekintza planak. Sinatzaileek %23 murriztu dituzte isurketak.

 

Nafarroa

 

Nafarroari dagokionez, Isabel Elizalde Toki Administrazioko kontseilariak bere egin du Nafarroako toki entitateen artean hitzarmena sustatzeko konpromisoa, eta, horretarako, Nasuvinsan eginiko lan-ildo bat jarri du martxan. Egun, ibilbide-orri bat prestatu da, eta hogei bat udalerrirekin jarri dira harremanetan, hitzarmena izenpetu dezaten.

 

Izenpetzeak ekartzen du konpromiso batzuk hartzea, besteak beste Klimaren eta Energia Jasangarriaren aldeko Ekintza Plana, non neurriak hartzen ahal baitira mugigarritasunaren, energiaren, hondakinen eta abarren arloetan.Aldian-aldian, neurtzen da noraino betetzen den Ekintza Plan hori, eta, bete ezean, hitzarmenetik kanpora egozten da ukitutako entitatea.