NUKFk aldeko txostena egin dio Nafarroako Toki Administrazioa Berrantolatzeko Foru Legearen aurreproiektuari eta Gobernuak bost neurri onartu ditu Batzarrak testurako proposatu dituen zortzi aldaketetatik

Toki entitateek Toki Araubideko Foru Batzordean dituzten ordezkariek aldeko txostena egin diote Nafarroako Toki Administrazioa Berrantolatzeko Foru Legearen aurreproiektuari, eta, aldi berean, Gobernuak onartu du testuan 5 aldaketa egitea, Federazioak hilaren 22ko Batzarrean onetsitako zortzi proposamenetatik, eta, seigarren bat aztertzeko utzi du.NUKFk aldeko txostena helarazi dio Gobernuari Toki Araubideko Foru Batzordean.

Gaurtik aurrera, eta Batzarraren aginduari jarraituz, Federazioak gestioak eginen ditu Gobernuak onetsi ez dituen proposamenak onets ditzan, honako hauek hain zuzen, ostiralean onetsitako testuaren arabera:

–          “Eskualdeek eskuordetzearen bidez bereganatuko dituzte toki entitateen eskumen guztiak, ez legearen aginduz, goi hornidura, hondakinen tratamendua eta gizarte zerbitzuak barne.”

–          “Nafarroako Foru Ogasunaren diru-sarreren portzentaje bat eta bermatutako gutxieneko bat ematea Toki Ogasunen Funtsari.”

Bestalde, honako hauek dira Gobernuak onetsi dituen bost proposamenak:

–          “NUKFri esleitzea, toki entitateen ordezkaritza duen elkartea baita, toki entitateen ordezkarien izendapena Toki Araubideko Foru Batzordean eta Lurralde Mugaketako Batzordean.”

–          “Udalerriei esleitzea eskualdeko batzordeko kide guztien izendapena eta bermatzea udalerri guztiek gutxienez ordezkari bat izanen dutela bertan.”

–          “Mailaz maila aplikatzea, zenbait urtetan, ondasunen gaineko gutxieneko tasa, indarra hartu beharko lukeena toki ogasunei buruzko lege berria onetsitakoan, finantzaziorako sistema berria zehazteko.”

–          “Denbora tarte bat irekitzea udalerriek azter ditzaten sor daitezkeen eskualdeak eta azpieskualdeak, eta ahalik eta gehien errespetatzea batzuei zein besteei atxiki nahi izatea.”

–          “Berariaz jasotzea, egun Toki Ogasunen Funtsean “beste laguntza batzuk” deitzen den atalean, egun egiten den moduan, oraingo hiru ildoak:udalkideentzako ordainak, gutunen sistema eta NUKFren finantzazioa.”

Zortzigarren proposamenak eskatzen du Kontzejuak azkentzeko arrazoietatik kentzea behar adinako baliabiderik ez izatearena eta Gobernuak aztertu nahi du.

Ez da txeke zuria

Toki entitateen aldeko txostenarekin batera eta, horretan oinarrituta, horien ordezkariek erantsi dute Batzarrean aurreproiektuari buruz aurkeztutako balorazio txostena (bertan, testu hori eta NUKFren prozesu parte-hartzailean egindako proposamenak erkatzen dira), baita gorago aipatutako zortzi proposameneko agiria ere, non jasotzen baitira aurreproiektuaren eta toki entitateen proposamenen arteko desadostasunak.

Ildo horretan, Pablo Azcona NUKFko presidenteak adierazi du toki entitateen aldeko txostenak ez dakarkiola txeke zuri bat Gobernuari eta ahaleginak eginen dituztela legearen tramitazioan onets daitezen oraindik onetsi gabe dauden proposamenak.

Jakina denez, Federazioko Batzarrak onetsi zuen, joan den hilaren 22an, baiezkoa ematea Gobernuaren aurreproiektuari: 148k alde bozkatu zuten, 82k kontra, eta 11, berriz, abstenitu ziren.