NUKFk bere konpromisoa berretsi du Nafarroako Elikagaien Bankuarekin

ban4111Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidenteak, Pablo Azconak, entitate horrek Nafarroako Elikagaien Bankuarekin duen konpromisoa berretsi zuen uztailaren 17an, fundazio horren instalazioak bisitatzetara joan zenean. Hor, Joaquín Fernández Eraso presidentearekin eta beste batzuekin bildu zen.

Federazioak, krisi ekonomikoa hasi zenetik, Bankuari sostengua emateko programa bat izan du martxan. Horren bitartez, toki entitateei eskatzen zaie funtsak jar ditzaten Bankuaren funtzionamendu gastuak ordaintzeko, eta, aldi berean, egindakoaren berri ematen zaie.Izan ere, udalen ekarpenek gastu horien herena berdintzen dute une hauetan.Egun, 35 dira dohaintzak egiten dituzten toki entitateak.

Bilkuran, bi entitateen ordezkariek aztertu zuten nolako emaitzak eman dituen elkarlanak azken urteotan eta zer hobetu daitekeen. Ildo horretan, nabarmendu zuten abantaila handia dela programa kudeatzeko orduan oinarrizko gizarte zerbitzuen sostengua izatea, horiek behar den moduan hautatzen baitituzte laguntzen onuradunak.

Egun, 210 gizarte erakunderen bitartez, Bankuak 61 udalerritan banatzen ditu elikagaiak Berriobeitiko biltegitik, eta beste 27tan Tuterakotik. Guztira, 2017an, 4.327 tona banatu zituen 32.000 pertsonaren artean.2008an goia jo zuenetik apaldu bada ere, onuradunen kopurua, gutxi gorabehera, Nafarroako herritarren %5 da oraindik.

Elikagaiak toki askotatik datoz: enpresen dohaintzak, Iruñerriko Mankomunitateak supermerkatuetatik biltzeko duen programa, Europar Batasunaren elikagaien programa eta bilketa handi puntualak, non 3.000 boluntario inguruk parte hartzen baitute.

Izan ere, boluntarioak dira Bankuaren lanaren oinarria.Egun, 180 bat lagun ari dira lanean borondatez fundazioan. Horrek bide ematen du 11 kilogramo elikagai banatzeko inbertitzen den euro bakoitzeko.